Akonpainamendu goiztiarrak oinarri sendoak finkatzen laguntzen du, heldutasun harmoniatsua lortzeko
Bizitzako lehen urteak dira garapenaren etaparik sentsibleena, pertsonaren ondorengo bizipen guztiaren oinarri izango diren zutabeak. Mundura zabaltzen edo ixten gaituzten lehenengo esperientziak dira, aztarnak uzten dizkiguten eta esploraziora, hazkundera, autonomiara… joateko bultzada ematen digutenak. Hori dela eta, oso gaztetatik ondoan aritzeak heldutasun harmoniatsurako oinarri sendoak finkatzen lagunduko du, bai eta hurrengo urteetan egon daitezkeen zailtasunak prebenitzen edo/eta konpontzen ere.
Gure begirada, banako bakar gisa bere ekintzaren, bere historiaren, protagonista bihurtzen den umearen gaitasunetan eta baliabideetan konfiantza izatea da. Bere ingurunea esperientzia berri bihurtu eta eraldatu dezakeen umeak bere errealitatea aberasten du eta bere existentzia eta lorpenak berresteko aukera du.
Ez gara sintomak abordatzera mugatzen, psikogorputzezko adierazpenen atzean dagoen esanahia bilatzen dugu, umeak erakusten digunaz haratago ulertzeko. Haren historia sakona ulertu nahi dugu, eta hortik, ahalik eta osotasun handienean garatu ahal izan dadin egokitu eta lagundu.
Umea familia-sistemaren barruan ulertzen dugu, printzipio eta lege jakin batzuek gidatutako sisteman, eta, beraz, sistema horretako kide batekin esku-hartzea egiten denean, kide horren sisteman sakontzen ari gara. Horrela, sistemako kide bat aldatzeak sistemaren gainerakoa aldatzea eragiten du, eta horregatik, gure esku-hartzea umeari eta haren familiari laguntzera bideratuta dago.