BI URTEKO ETAPARI LAGUNTZEKO TALDEA
LANAREN OINARRIA, EMMI PIKLER EREDUTIK ETA 0-2 URTEKO AURREKO ETAPAN EGINDAKO LANETIK ABIATUTA, 3-6 URTEKO ETAPARAKO ETA LAN PSIKOMOTORRERAKO ZUBIA
Adin horretarako planteatzen dugun lana, 0-2 urteko etapan Eskaintzen den Emmi Piklerren lanaren printzipioetan oinarritutako aurretiazko lanetik abiatuta, umeei fusiotik indibiduaziorako bidean laguntzen jarraitzea da:
Gizakiaren jatorria fusioan egotea da. Hala, haurdunaldiko bederatzi hilabeteetan eta erditu ondorengo 9 hilabeteetan, umetxoak fusio eta sinbiosi fase horretan jarraitzen du. Fase hau, ume txikia amaren mende dago erabat, oinarrizko behar guztiak asetzeko, eta harekin (edo zaintzaile nagusiarekin) batasun sentsazioa izaten du. Hori gizaki gisa garatzeko gure programan inplizitua da, biologia da.
Fusiorako diseinatuta zegoen programa hau aldatzen hasteko prest ere bazegoen, ezinbestean indibidualizazio bide hori egitea ere bere programan inplizituki daramalako.
Horrela, fusio-etaparen ondoren, pixkanaka, umea amarengandik banantzen eta bere nortasuna garatzen hasten da. Indibiduazio prozesu bat gertatzen da. Prozesu horretan umeak bere atxikimendu figuratik bereizteko antsietateari aurre egin behar dio, eta, aldi berean, mundua bere kabuz esploratzeko, bere egiteko eta IZATEKO gaitasunak aztertzeko emozioa eta bere NI indibiduala esperimentatzen ditu. Bigarren etapa horri banantze-indibiduazio etapa deitzen zaio, eta gizabanakoaren garapenean aldi erabakigarria da.
Prozesu horren izaera eta ume bakoitzaren bizitzan duen garrantzia ezagututa, 20-22 hilabetetik gorako umeei laguntzeko lana eskaintzen diegu (eskolatutako umeetan HH2ko taldeei dagozkie). Bertan, prozesu horri laguntzea planteatzen dugu, aretoaren barruan umearen erreferentea den heldu baten presentziarekin hasita, helburu edo jomuga erreferentziazko heldu horrekiko banaketarantz joatea izanik.
Horrela, bi urteko taldean, umearen erreferentziazko heldua, lanaren hasieratik eta umeak behar duen arte, aretoaren barruan egongo da. Bere egoteko modua behaketa aktiboa da, umearekin interakziorik egin gabe, proposamenak egiteari dagokionez.
Umea amaren eta aitaren esferatik kanpo denbora gehiago dagoela ikusten dugunean, lana gidatzen duen profesionalak erreferenteari aretotik kanpo egotea proposatuko dio. Lehen pauso hori beharrezkoa da, hasieran umeek non dauden jakin behar dutelako. Geroago, eta umeak ez duela bere erreferentea bilatzen ikusten dugunean, horiek zentrotik irtetea proposatu ahal izango da. Prozesu horretarako, umeek euren denbora behar dute, bakoitzak berea, eta ez dago presarik, ume bakoitzak bere erritmoa du eta horrela errespetatuko da.
Saioa gidatzen duen profesionalak umeak segurtasunetik eta konfiantzatik autonomiarantz joatea ahalbidetzen duten ezagutzak eta jarrerak ditu, hala nola: presente dago, begirunez eta garbi begiratzen die, ez die aurrea hartzen bere mugimenduei, dagoena onartzen du, ez du alderatzen eta ez du epaitzen. Bere autonomia errespetuz, maitasunez, pazientzia handiz eta ume bakoitzaren prozesuan konfiantza izanez ahalbidetuko duen profesionala. Era berean, umeek euren kabuz jardun ahal izateko materiala proposatzen du, sartzen direnetik irteten diren arte, heldu baten beharrik barik. Gainera, eta hau ere garrantzitsua da, laguntzen duen profesionalak hitzak jartzen dizkio umeak egiten duenari, egiten dituen ekintzei, ikusten duena onartzen du.
ZELAN ESKAINTZEN DA?
Urritik ekainera arteko ikasturte gisa. Talde txikian ematen da, gehienez 6 umerekin, eta maiztasuna astean ordubeteko saio batekoa da.
Ikasturtean zehar ordu eta erdi inguruko bost familia-bilera egiten dira. Bilera horietan, saioetan gertatutakoari buruz hitz egiten eta hausnartzen da. Heldu erreferenteak aretotik kanpo dauden kasuan, psikomotrizistak saioetan gertatzen dena azalduko du eta umeen prozesuari eta bilakaerari buruz hitz egingo du. Bilera horietan, halaber, zalantzak, kezkak edo familiek landu behar dituzten gaiak azaltzen dira. Etapa horretan familiei laguntzeko modu bat da.
Gainera, heldu guztiak eta lan hau gidatzen duen profesionala elkartzeko balio duen hasierako bilera bat egiten da. Bilera horretan azaltzen dira lan honen oinarriak.

