Un acompañamiento temprano ayuda a afianzar unas bases sólidas para una maduración armoniosa
Psikomotrizitate Jardunbidea ikuskera globaletik umearengan zentratutako esku-hartzea da, bere adierazgarritasun motorraren ulermen sakonetik abiatuta, eta gorputzaren, mugimenduaren eta jolasaren bidez lantzen da.
Globaltasuna: Umeari izaki global gisa begiratzen diogu, hau da, plano afektiboa, emozionala, gorputzekoa, kognitiboa eta energetikoa hartzen ditugu kontuan, eta plano guztiak elkarri lotuta daudela ulertzen dugu, elkarren artean elkarreragiten dutela, osotasuna eratuz.


Mugimendu-adierazkortasuna: esaten diogu umeek euren burua adierazteko duten moduari, eta harremanetan espazioarekin, denborarekin, objektuekin, beste umeekin, euren buruarekin, helduekin eta euren gorputzarekin adierazteko duten moduari. Mugimendu-adierazkortasun hori da munduan betetzen duten lekua adierazteko duten bidea: zer eta nola sentitzen duten.
Mugimendu-adierazkortasunaren parametro horiei behatuta, umeak alderdi guztietan duen heldutasun-maila ezagutu ahal izango da: fisikoa (gorputzekoa eta mugimendukoa), emozionala (afektibitatea, emozioak eta sentimenduak), soziala (ekintzak, elkarrekintzak eta harremanen kultura) eta kognitiboa (pentsamendua, ekintza, imajinarioa eta sinbolizazioa), bai eta bere izatearen garapen egokiena eragozten duten blokeoak, errepikapenak, finkapenak eta alterazioak ere.
Behaketaren bidez, umearen benetako beharrak ulertu ditzakegu. B. Aucouturier
Gorputza da harremanak izateko, ikasteko eta jarduteko dugun bitartekoa, eta gorputzean dago jasota gure bizitzaren historia guztia. Gorputzek hitz egiten dute. Horrela, umea ezagutzen dugu eta berarekin aritzen gara, bere adierazkortasunean kontatzen diguna gorputzaren bidez artatuz eta entzunez.
Gorputza da memoria eraikitzen den lehenengo lekua. G. Dumas
Gorputza da umeak bere gatazka psikiko guztia adierazi ahal izateko duen beharrezko eta ezinbesteko tresna J. Rota


Umea mugimenduan dagoen gorputzaren bidez eraikitzen da. Mugimenduak irudiak sortzen ditu. Mugimendurik gabe ez dago pentsamendurik. Umeentzat jardutea pentsatzea da, pentsamendua garatzen joatea.
Umearen egiteko nagusia esperientziaren bidez bere ezagutza eraikitzea da Jean Piaget
Psikomotrizitate jardunbidean, umearen nahia hartzen dugu abiapuntutzat, bere ekintzen motor gisa. Barrutik-kanpora sortzen den eta emozioak zeharkatzen duen bizitzako bulkada hori. Jokabide horren emaitza jolasa da. Jolasa umearengandik banaezina da, umeak ikasteko, bizitzeko eta IZATEKO duen modua.
Jolasa da umeen lana, horren bitartez ikasten du eta garatzen da Francescco Tonucci

Psikomotrizitatea harremanean eraikitzen garela dioen printzipioan oinarritzen da. Bestearen begiradan eraikitzen gara. Besterik ez badago ez dago NIrik. Pertsonaren lehenengo ikaskuntzak gorputzekoak dira, eta heltzen gaituzten, hartzen gaituzten, berba egiten diguten eta besteak ulertzen gaituzten moduaren bidez egiten dira. Bilgarri emozionalaz eta fisikoaz ari gara.
Jardunbide hori, modu berean, “egitearen plazerrean” oinarrituta dago, umearen eraikuntzaren oinarri gisa. Plazerrari esker eraikitzen dugu geure burua, plazerrik gabe ez dago mundura zabaltzerik. Plazerra da zabaltzeko aukera ematen diguna. Jolasaren, harremanen eta plazerraren arteko lotura horrek umeen heltze-prozesua errazten du.
Psikomotrizitatearen oinarrizko hiru tresnak hauek dira: gela, psikomotrizistaren figura eta saioa bera.
Psikomotrizitate-gela jolas-jarduera errazteko pentsatutako eta prestatutako espazio jakin bat da. Horrela, komunikaziora, harremanera eta norbera IZATERA zabalduko gaituzten plazerrezko bizipenak azaleratzen dira.
Psikomotrizistak umeak bere garapenean erronkak gainditzeko duen nahiari laguntzen dio, beti ere saio bakoitzean azaleratzen den guztiaren entzute eta sostengu emozionaletik abiatuta. Horrela, beti gaude eskura eta presente; epaiketarik gabe entzuten dugu, umeak dakarrena helduz eta hartuz; umeari bere beharretatik eta bere hazkunde-nahiarekin duen inplikaziotik egiten uzten diogu; eusten dugu eta egituratzen eta ziurtatzen dituzten beharrezko mugak jartzen ditugu; elkarrekiko errespetuari begiratzen diogu eta horren alde egiten dugu lan, eta jolastuz eta sortuz gozatzen dugu.
Psikomotrizitate saioa ondoz ondoko faseek osatzen dute, umeek «jolastearen plazerretik pentsatzeko plazerrera» doan heltze-prozesutik igaro daitezen. Faseak hauek dira: sarrerako eta esperimentaziorako denbora sentsomotriza. Azken hori sinbolikoagoa izan daiteke eta fase adierazgarrienerantz joan daiteke (marrazketa, modelaketa, eraikuntza, etab.) eta azkenik irteerako errituala