Laguntza taldea 0 - 2 urtera

Motrizitate librea, kalitatezko zainketak eta jolasa

Servicio de grupos de acompañamiento a bebés de 0 a 2 años

0-2 URTEKO UMETXOEN JOLAS AUTONOMOAN LAGUNTZEKO TALDEAK


0-2 urteko umetxoen jolas autonomoan laguntzeko taldeek Budapesteko Pikler-Loczy institutuan egiten den jardunbidea dute oinarri. Bere lana bertan egin zuen Emmi Pikler pediatrarekin hasi zuen ibilbidea.

Emmi Piklerrek defendatzen zuenez, umeak lotura afektibo egonkorrekin babestuta eta seguru sentitzen baziren, euren garapenean zentratu ahal izango ziren, eta bilakaera-mugarriak euren kabuz lortu ahal izango zituzten, kanpoko esku-hartzerik barik (gurasoak edo zaintzaileak), horrela, bizitzako lehen hilabeteetatik euren autonomia eta konfiantza sustatuz.

Eredu horrek proposatzen digu umeen berezko senaz fidatzea, prestatuta ez dauden parametroak lortzeko ez exijitzea eta horretarako ez presionatzea; pazienteak izatea, errespetuz eta maitasunez jokatzea, eta, jakina, umea bere istorioaren protagonista gisa hartzea.

Lehen haurtzaroa ardatz duen lan hau funtsezko hiru printzipiotan oinarritzen da: motrizitate librea, kalitatezko zainketa eta jolasa.

1.Motrizitate librea

Hori da Pikler metodologiaren printzipiorik ezagunena. Haurtzaroan, mugimendua da deskubritzeko, esploratzeko, ikasteko... aukera ematen duen oinarrizko beharretako bat. Eta umeak helduaren jarrera interbentzionistarik barik bere kabuz aukeratzen duen mugimendu librea da haren garapen psikomotorra sustatzeko modurik onena.

Umetxoen bilakaera errespetatzearen onura bere mugimenduen harmonian eta segurtasunean nabaritzen da. Jarrera desberdinak lortzen dituzte, eta horrek jada ikasitakoetara segurtasunez eta mugimendu arinarekin itzultzeko aukera ematen die, euren gaitasunetan konfiantza izanda.

Ikasi duen guztia bere erregistro pertsonalean dago, eta behar duen guztietan aurki dezake. Bere mugimenduekin bere gorputza (gorputz eskema) eta mugak ezagutuko ditu, eta horrek garuna heltzea eta bere pentsamendua garatzea ahalbidetuko du.

Lehen urteetan, lurrean etzanda egotetik bertikalean jartzera igarotzea umearen zeregin garrantzitsuenetako bat da. Bizitza osorako balioko dio. Beraz, garrantzitsua da umeak bere autonomia hartzea errespetatzea.

Bere erritmoa errespetatzen dugunean, aurrea hartu barik, presarik barik, ez hurrengo urratsaren zain, gozatuz baizik, bere ekimenean eta ikaskuntzan konfiantza osoa izanez eta bere lorpenak aitortuz, umeak bere mugimenduak eta ekintzak eboluzionarazten ditu. Genetikak prozesu hori euren kabuz egiteko aukera ematen die umeei.

Hazi baten moduan, ume bakoitzak hazteko behar duen guztia bere barruan dauka. Maitasuna eta errespetatua sentitzea besterik ez du behar

Era berean, Emmi Piklerrek honela zioen: “Batez bestekoa baino motelago garatzen diren umeek, horretarako eskubidea izateaz gain, euren arrazoiak dituzte, eta arrazoi horiek errespetatu egin behar dira.

Jarduera autonomoan oinarritutako mugimendu libreak bere gaitasunak deskubritzen, bere eskurapenak erabiltzen eta bere porrotetatik eta lorpenetatik abiatuta ikasten laguntzen dio umeari

2. Kalitatezko zainketak

Emmi Piklerren ustez, zaintzailearen eta umearen arteko harremanaren kalitatea funtsezkoa da umearen garapen emozional, afektibo eta sozialerako. Umeen premiekiko errespetuan eta arretan oinarritu zen haren ikuspegia, bai eta zaintzaileekiko elkarreragin maitakorrean eta beroan ere.

Emmi Pikler eguneroko arreta-uneetako zainketen kalitatean zentratzen zen: pixoihala aldatzean, janztean/eranztean, janarian, bainuan, lo egitean, sendaketetan. Heldua, horrela, bere presentzia guztiarekin ari da, hitzezko eta adierazpenezko komunikazioa zainduz, ukitzeko modua zainduz, itxaroteko modua zainduz, pazientzia izanez eta erritmoak errespetatuz.

Hor eratzen da umeari bere ingurunea eta aukerak bakarka esploratzeko aukera emango dion segurtasuna.

3. Jolasa

Lehen esan dugun bezala, ume bakoitzarengan konfiantza izan behar da, jolasak eta gizarte-harremanak aukeratzeko orduan bere interesak eta ekimenak errespetatuz.

“Jolas desegituratuko” materialekin egiten da lan. Material horiek ikasteko motibazioa ematen diete umeei, erabilerarako jarraibiderik edo jolaserako araurik eman barik. Material horiek euren aukerak euren kabuz deskubritzera bultzatuko dituzte, euren burua ezagutuz eta ume bakoitzaren nortasuna eta interes pertsonalak garatzen lagunduz.

Jolasak sormena, irudimena eta garapen kognitiboa bultzatzen ditu

Urritik ekainera arteko ikasturte gisa. Talde bakoitzean gehienez 8 ume egongo dira, bakoitza bere erreferente helduarekin batera.

Saioak astean ordubetekoak dira, eta bakoitzak bere erritmoan jolasten du. Umetxo bakoitzak heldu bat izango du lagun, eta haren funtzioa umea espazioan zelan moldatzen den modu aktiboan behatzea izango da, segurtasun emozionala eta afektiboa emanez eta zuzenean esku hartu barik.

Ikasturtean zehar ordu eta erdi inguruko bost familia-bilera egiten dira. Umetxoekin saioetan gertatzen denari buruz hitz egiteko eta hausnartzeko eta bakoitzaren bizipenak partekatzeko espazioa da, eta familiek landu nahi dituzten zalantzak, kezkak edo hainbat gai azal daitezke. Etapa honetan familiei laguntzeko modu bat da.

Gainera, heldu guztiak eta lan hau gidatzen duen profesionala elkartzeko balio duen hasierako bilera bat egiten da. Bilera horretan azaltzen dira lan honen oinarriak.

*Batzuetan, familiaren batek laguntza-lan horri buruz gehiago jakin behar badu, matrikulatu aurretik informazio-bilera bat egin daiteke.

Taldeak ume bakoitzak lortutako jarreren eta mugimenduen arabera antolatuko dira. Hau planteatzen da:

A taldea: ahoz gora etzanda dauden, alde batera biratzen diren edo/eta ahoz behera biratzen diren umetxoak.

B taldea: herrestatu edo/eta katamar dabiltzan umetxoak.

C taldea: laguntzarekin edo laguntzarik barik ibiltzen diren umetxoak.

Lan horretan nahiko familia interesaturik ez badago, taldea mistoa izan daiteke.

Saioa gidatzen duen profesionalak umeak segurtasunetik eta konfiantzatik autonomiarantz joatea ahalbidetzen duten ezagutzak eta jarrerak ditu, hala nola: presente dago, begirunez eta garbi begiratzen die, ez die aurrea hartzen bere mugimenduei, dagoena onartzen du, ez du alderatzen eta ez du epaitzen. Bere autonomia errespetuz, maitasunez, pazientzia handiz eta ume bakoitzaren prozesuan konfiantza izanez ahalbidetuko duen profesionala. Era berean, umeek euren kabuz jardun ahal izateko materiala proposatzen du, sartzen direnetik irteten diren arte, heldu baten beharrik barik. Gainera, eta hau ere garrantzitsua da, laguntzen duen profesionalak hitzak jartzen dizkio umeak egiten duenari, egiten dituen ekintzei, ikusten duena onartzen du.